XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Bergarako lur sailen luze-zabala, 77 kilometro karratutakoa, ondorengo azpisailetan banandu dugu: %40 = 30.800.000 metro karratu, basosailak.

Edonolako zuhaitz eta basalandareetarako.

%40 = 30.800.000 metro karratu, lanerako lurrak.

Gari eta bestelako laboreetan erabiltzeko.

%15 = 15.550.000 metro karratu, belardi edota garosailetarako.

%5 = 3.850.000 metro karratu, bizitzeko, kale inguru eta auzo, erreka eta bideek betetzen dutena.

Laboreak Baserria lantzetik sortutako diru iturrietan, maizter ala nagusi izateak zekarren aldea %40 eta 60koa zela esan daiteke, azkenen alde.

Labore emaitzei dagokienean ez zen desberdintasun haundiegirik izaten, aurrean aipatutako proportzioa betetzen zelarik.

Izan ere, larritasunak jotzen zuenean, baserrien jabeentzako ere, garia izaten zen trukaketarako esku artean izan zezaketen gairik egokiena.

Xehetasun hau kontutan hartuta, baserriko etxebizitza bakoitzari, bataz beste, honako kopurua izendatuko genioke: 70 anega gari 2.200 Tm. Bergarako emaitza osoa, Angiozar eta Ubera barne.

30 anega arto 1.050 Tm Bergaroko emaitza osoa, Angiozar eta Ubera barne.

10 anega bestelako labore 250 Tm. Bergarako emaitza osoa, Angiozar eta Ubera barne.

Abel hazkuntza. Baserri bakoitzaren eta zenbait jaberen abeltalde aberatsagoen artean, bataz bestekoa eginda, honela gauzatuko genuke: Idi parea familiako: 500 pare Bergaran.

Hiru behi, esnetarakoak eta lanerakoak: 1.500 buru. Bi txahal urteko: 1.100 buru.

30-40ren bat ardi: 15.000 buru. Astoak eta gurdi zaldiak: 510 buru.

Garai hartako abel hazkuntzaren egoera kaskarra konprenitzeko gogoan eduki behar da idiak eta astoa zein bere aldetik behar beharrezkoak zirela baserrirako.

Oso gutxitan irtengo ziren goizean lanera idi parea uztartu gabe, astoa ere edozertan laguntzeko prestatuko zutelarik.

Harrigarria badirudi ere, ardura handiagoa izaten zuten idi pare ona etxeratzen esne behitalde ederrena baino.

Hauek, eskuharki, arraza eskas samarrekoak izateaz gainera, ez ziren ondoegi zaintzen, eta ondorioz egunean ez zuten hiru edo bost litro baino gehiago ematen; eta jakina, txahala egin aurreko antzualdia eta kenduz gero, ezer gutxi ematen zutela aitortu beharrean gaude.

Guzti hori kontutan hartuta, esan daiteke Bergara osoan egunean 4.000 litro inguru esne baino gehiago ez zela ateratzen.

Baso aberastasuna Aurrerago eman ditugun azalpenetan esan dugu herriko lurraldetik %40a zela basora emana.

Portzentaia hau azpisailetan banatuko dugu, gure mendietan ugarien ematen ziren zuhaitz motei begiratuta.

Honela sailkatuko genuke: %40a pagamotxa 50 m2ko bat = 245.000 landare Bergaran.

%20a haritza 40 mko bat = 150.000 landare Bergaran.

%10a edonolako pinua 15 mko bat = 200.000 landare Bergaran.

%2a jateko iztzaurra 100 mko bat = 6.000 landare Bergaran.

%8a makal, lizar, alkazia e. a. 25.000 landare Bergaran.

Denetara, mota guztietakoak eta 25tik 200 urtetarakoak zenbatuta, 780.000 zuhaitz inguru izango ziren Bergarako basoetan aurki zitezkeenak.

Baso sailetatik ateratzen ziren ondasunak ere oso modu desberdinean banatzen ziren, basoa jabearen esku ala maizterraren mendean bazegoen.

Azken hauek, inausketatik eta arrama mozketatik ateratakoa bakarrik gozatu zezaketen; jabearen baimenik gabe ez zeukaten errotik mozterik edo zuhaitza botatzerik.

Basoak baserriaren jabeak berak erabiltzen bazituen, berriz, bere beharrizanen arabera egin zezakeen nahi zuena.

Hortxe zegoen batzuen eta besteen arteko alderik nabarmenena.

Gari eta bestelako laboreen hornidura aparte utzita, hauek ezinbestekotzat jotzen bait ziren; egur ikatza zen beste garrantzizko gai bat orduko familien diru sarreretarako.

Labe garaiak, artean martxan zebiltzan burdinola bakan batzuk eta bestelako lanetarako ibiltzen ziren sutegiak ziren egur ikatz honetaz baliatzen zirenak eta bertara jotzen zuten baserritarrek etekin batzuk irabazi nahirik.

Bestalde, bazen bigarren mailako merkataritza bat ere; okindegi eta kale etxeetako beheko su eta ekonomiketarako erabiltzen zen egurrarena, alegia.

Baserrietako maizterrak ornitzen zituzten azken hauek, abar sortak, pago adarrak eta gurdi egurrak jaitsiz.

Jabeek berriz, horietaz gain, zuretarako egurra ere saltzerik bazeukaten eta berau ez zen laguntzarik txikiena garai hartako diru iturrietan.

Eta, baserrietako diru iturriei buruzko azalpen edo argitasun hauei bukaera emango diegu, ez aurretik esan gabe, handik eta hemendik sortzen joan diren berriemaileengandik jasotako argibideetan oinarritu garela eta emandako zenbakiak zenbait kasutan oker egon daitezkeela.